XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, sailkapen honetara egokitzen diren kantuak aukeratu ditugu geure bildumatxo hau osotzeko.

Aukeraketa burutzeko orduan, gaiari garrantzi handia eman badiogu ere, ez dugu hautaketa horretara mugatu. Kantuen jatorria oso kontutan izan dugu; izan ere. euskalki desberdinetako kantak bildu nahi izan ditugu, geure herriaren aberastasunaren adierazgarri izan daitezen.

Kantuak jatorrizko euskalkian emango ditugu, nahiz eta argibide bezala, batuerako bertsioa erantsi.

Erritmoari dagokionean, aniztasuna bilatu dugu; irakaskuntzan lagungarri izan daitekeen materiala sortzeko helburuari jarraiki, didaktika mailarako egokiak iruditu zaizkigun kantuak jaso ditugu.

Bestalde, liburu honen hartzaile zuzenak izango diren haurrak kontutan izan gabe, ezer gutxi izango dira gure lan eta nekeak. Haurrentzat gustuko izan daitezkeen kantuak bildu nahi izan ditugu, azken finean, beraiek izango baitira lan honen fruituak dastatuko dituztenak.

1.3. ANALISIA

Analisiaren zergati nagusienetariko bat, honek ematen duen aukera zabala da. Kantu baten inguruko ekintza edo proposamen didaktikoak egiteko, hots, dantzak, jokoak, ahotsa, hezkuntza musikala... analisi musikala behar-beharrezkoa da.

Gure lana sinplea da, eta oinarrizko atalak aurkezten ditugu kanta bakoitzeko: forma musikala, analisi erritmikoa eta analisi melodiko-armonikoa.

Halere, puntu batzuk argitu beharrean aurkitzen gara:

* Gehienetan, kantuen partiturak jaso ditugun moduan aurkeztuko ditugu. Dena den, kantatzerakoan, zeuek aukeratu zein tonalitatetan egin; hau da, transportatu egin ditzakezue. Haurrekin lan egiten baduzue, uste dugu FA, MI edo RE direla tonika egokienak.

* Proposamen gisa, kantu guztietan oinarrizko akorde batzuk jarri ditugu musika tresnekin laguntzeko.